XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Frustrazioaren ondoriozko etsipenak harturik, ordea, bizipen hura luzeagoa izan zekidala desiratu ostean, posturaz aldatzeko izarapean jiratu eta amaren ustezko azpikeria gaitzetsi bezala egin nuen, deitorazko jestuz.

Alta, nahiz eta ametsa iruzurtia suertatu, halako beste gozamen batek inbadi nintzan desiotan, eskubiarekin burkoa besarkatu eta zeinu oharkabean begiak itxi-irekiz, nekez eta oso gerora hartu ninduen loak.

Zazpietan goizeroko karrakaren hots kalakari eta desatseginak esnatu ninduen, baina oraingoan jaikitzeko.

Psikoanalistek, agian, Ediporen konplexu txit berantiartzat kalifikatuko zuketen nire ametsa eta, gaur agian, ama-premiaren monotzat edo abstinentzi sindrometzat kontsideratuko lukete.

Hurrengo eguna ez nuen besteek bezala normal eman, amaren gau-presentzia ukikor eta hunkikorrak bahitua eduki baininduen egun osoan.

Buruan zurrunbiloak zebilkidan irudia ezin izan nuen interpretatu, ezin izan nuen izpiritu hegaskor hark irudikatu zidan amaren mezua deszifratu.

Batzuetan, gogoeta aienatu nahirik, aurrean neukan testu-liburuan areago kontzentratzen saiatzen nintzen, bi eskuez preso neukan kopeta zimurtu, ezpainak estutu eta hitzen edukia sakonago jasotzen lehiatuz.

Berehala, ordea, bisio hark zerbait adierazi zidala eta bere klabea nolabait argitu eta irakurri beharra sentitzen nuen.

Besteei gertatzen ote zitzaien horrelako ametsik? Agian bai.

Ikaskideek ez zidaten inoiz antzeko ametsik kontatu eta, korrespondentziaz, nik ere ez nion inori azalduko.

Sentipen batzuk betirako sekretu bihurtzekoak dira edota intimoegiak, behintzat, inori azaltzeko. Beraz, ez nukeen kezkatzeko ziorik, baina testu-liburua arretaz irakurri nahi nuen bakoitzean, bat-batean amaren irudia presentatzen zitzaidan.

Eta eskerrak gaztetxoa nintzen fantasma eta iratxoen izpirituez hausnartzen hasteko.